Lositekek ospitale eta osasun-zentroetan sendagaien eta osasun-produktuen hornidura eta barne-kudeaketa hobetzen laguntzen du

Lositek Smartlog Group enpresaren spin off bat da, 2022an sortua, eta beste bazkide industrial batzuen laguntzarekin, sektore soziosanitariorako soluzio logistikoak garatzen espezializatuta dago. Sortu zenetik, ospitale eta osasun-zentroetako intralogistika-prozesuak automatizatzeko teknologia eta irtenbide berritzaileak ezartzea izan du helburu. Bere enpresa nagusia logistika industrialean aritzen da, eta Iker Elizburu Lositek-eko negozio-garapeneko zuzendariaren arabera, “industriarekin garatutako gure ezagutza logistiko sakona osasun-sektorera transferitzeko aukera identifikatu genuen. Prozesu logistikoek sektore askotan antzekotasunak badituzte ere, kanal sanitarioan sendagaien eta osasun-produktuen trazabilitate- eta inbentario-kontrolaren eskakizunak bereziki handiak dira”. Bi urteko lanaren ondoren, spin off-ak dagoeneko ekipamendu automatizatuak eta Galys Pharma izeneko software espezializatua ditu.

Plataforma horri esker, ospitalera iristen den edozein materialen hornikuntza-kate osoa kontrolpean izan daiteke, ospitaleko barne-sistema informatikoekin denbora errealean integratuz. Gainera, paziente bakoitzari emandako sendagaiak bezalako parametroak kontrolatzen ditu, akatsak izateko arriskua minimizatuz. Iker Elizburuk dioenez, “abiatzen dugun proiektu bakoitzak prozesuak automatizatu eta optimizatzeko ekipamendu fisiko egokiena ezartzea dakar, prestaketan produktibitatea handitzeko, biltegiratze-gaitasuna zabaltzeko eta sendagaien prestaketan eta dispensazioan akatsak minimizatzeko”. Horrela, osasun-zentroetako eraginkortasun operatiboa eta ekonomikoa hobetzen da, profesionalei pazientearen zaintzan zentratzeko aukera emanez.

Zazpi profesionaleko lantaldearekin, Lositekek hainbat ospitale nazionaletan prozesu logistikoak optimizatzea lortu du. Gaur egun, Osakidetzako sareko ESI guztietako farmazia-zerbitzuetan ekipamendua berritzen ari da. Proiektu honek fabrikazio propioko ekipamenduen instalazioa eta kudeaketa-softwarearen ezarpena barne hartzen ditu, Osakidetzako ospitaleei farmaziaren kudeaketa integrala nabarmen hobetzeko aukera emanez, unidosien prestaketa barne. Merkatu nazionalaz gain, Lositek bere soluzioak nazioartean ere ezartzen ari da, Latinoamerikan, Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean martxan dauden ekimenekin.

Hazten eta bere instalazioak sendotzen jarraitzeko, aliantza estrategikoak bilatzen ditu, leku gehiagotara iritsi eta bezero bakoitzarentzat soluzio pertsonalizatuak garatzeko. Smartlog Group-eko kide izanik, I+G+b inbertsioari arreta berezia eskaintzen dion talde baten barruan, Lositekek Big Data, Adimen Artifiziala eta robotika mugikorra bezalako teknologiak gehitu nahi ditu bere soluzioetan.

SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia martxan jartzen duten eragileetako bat da, energia, fabrikazio aurreratua, bioosasuna eta nanoscientzia arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.

Scroll to Top